XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gau madarikatu hartan ez zen entzun hontza galduen ulurik, eguzkiaren lagun zen ilargiak eta honen lankide ziren izarrek, ez zuten argirik egin, dena ilun geratu zen bi lagunek bizia galdu zuten gau hartan.

Denon buruetan jiraka zebiltzan ideiak pentsatzearekin bakarrik gustura geunden, gau ahaztezina izango zen, parranda itzela botako genuen, leher egin arte dibertituko ginen, aspertu arte...

Gau ahaztezina izan behar zuena, ahaztezin gertatu zen, baina ez denek itxaron edo desio genuenagatik, gertatu behar ez zena gertatu zelako baizik.

Neguko giro hotzaren menpeko egunetan geunden bete-betean, tristea zen hura: zuhaitz biluzien artetik ez zen txoririk ageri, ez zegoen lorerik zelai bustietan, norabait joanak ziren denak, negu gaiztotik ihesi seguruenik.

Kotoizko laino xurien tartetik, kolore bera zuten izarez estalitako mendiak ikus zitezkeen, indarrez baina triste, oso triste.

Zerbait txarra pasa izan balitzaie bezala.

Dena hila zela zirudien.

Gau ona opaz familia guztiari agur esan eta ene baserritik larunbatero legez eta anaiarekin batera, amaren auto zaharrean, lagun guztiok biltzen ginen tabernara abiatu ginen.

Leihotik kanpora begira nindoala errepideak bereganatu zidan arreta: arriskutsu zegoen erabat, euri-tantek hartua zuten asfaltozko itsaso beltza; tarteka zuhaitzen hosto indargabeak ageri ziren, baina deus ez ziren, irla txikitxo batzuk, ozeano erraldoiaren parean.

Aspaldian euririk egin gabe egon bazen ere, egun hartan goiz-goizetik ari zuen eta gogotik gainera.

Denboralditxo bat bazen parrandatxorik egin gabea nintzela eta denak mozorrotzen diren herri bateko festa ospetsuak zirela aprobetxatuz, hurrengo egunerako plana gauzatua nuen jada eta lagunei kontatzeko gogoz nengoen.